XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

igandea, 9:00 a.m.

Udako goizaren epeltasun estreinatu berrian kanpaiak jotzen ari direla, ez dabil inor kale adokinatuetan eta zuk nabaritu duzu bizitza pasatzen ari dela.

Naglergasse. Igandea. Harantzagoko kaleetatik zetorren trafiko hotsa kanpaiek estaltzen dute.

Analisiaren emaitzak eskuan dauzkazu sakel barrenean, eskuineko sakelean epeltzen eta zimurtzen, tolesdurak trinkotzen atzamarren mugimendu urduri etengabean.

Ez omen duzu ezer.

Dena zure buruan dago.

Hori esan zizuten.

Buruan. Ez gorputzean. Dena buruan daukazu.

Dena zure urduritasunak eragina da. Dena, buruan.

Burua ez bide da gorputza. Anima.

Anima bide da burua. Animaren oinazea. Gorputz eta animak.

Deskantsatzeko. Atseden hartzeko.

Zertatik deskantsatu behar duzu.

Zerk nekatzen zaitu horrenbeste, ez baduzu ezer egiten.

Horretara, deskantsatzera etorri zinen W.ra.